You have found a new way to be basque.....

Publié le par BIL XOKOA

EUSKAMERIKAN ARTZAIN”  XIBERO-SAN FRANCISCO PROJECT

 

2009ko agorrilan

 

« You have found a new way to be basque »

(euskaldun izateko bide berri bat ediren duzue)

Miren Azkarate-ren hitzak 2002ko NABO Convention, San franciscon

(Eusko Jaurlaritzako kultura sail burua)

 

Egia, harrigarri bazaiku ere, San Franciscon euskaldun bizi dela jente hanitx, euskara hanitx ahotan kurri dela, eta ez adineko jenteetan bakarrik (haietan haatik zer euskara ederrak!), bena gazteetan ere bai; Kasik erran daiteke frantsesa laugerren mintzajea dela, inglesa, espainola eta euskararen gibelean! Alabadere!

 

Euskal Herriko plaza andanatan bertsuen fereka-bailaka-zirika ez da ezagun eta nun heben (edo han nuntik ikusten den), San Franciscon, bertsulariak agertzen diren. Ez bat, ez bi, bena sei, eta haietarik lau Estatu Batuetan bizi: Johnny Curutchet eta Gratien Alfaro (S.F.), Jesus Goñi (Nevada) eta Martin Goikoetxea (Wyoming). Azken honek milaka km eginik zortziko handi zonbaiten gatik! (euskaldun bizitzeko bide berria, bena luzea!) Haier arrapostu emaiteko Laka baigorriarra eta ... Mixel Xalbador urepeldarra. San Franciscoko Euskal etxeko gela batetan bi argazki eder eta handi, bi begi parek eskentzen beren so zorrotza, Mattin bata eta nolaz ez, Xalbador aita zena bestea! Hauen gerizapean Euskal Etxea aisa badabil biribil!

 

Frantxoa Camou, ostatuko zuzendariak ez deizue besterik erranen, pentsa: Neskenegun gaüan, Euskal Etxearen besta bete betean, exker pareta aihaltzalez beterik, eta ber denboran jatexea amerikarrez künküino, eta beste jente saldo handi bat, berex, familiako apaidu zerbaiten egiten. Oilo kanpoan errulea kantari, eta Euskal Etxea arrautze bezain beterik. Jentez, denetarik, janariz, hoberenetarik, eta euskal kantorez, ederrenetarik. Mike Bidart, Jean Leon Oçafrain eta beste hainbeste gurekin kantorroaz, gerritik loturik, hortan ikusi dugu exker pareta anti-sismikoa dela! Euskal Etxe osoa, ororen buruan, ez beita zelutik jin ainguru baten gisa, bena lurretik jelki izerdiz, nahikuntez (eta dolarrez!...) 1982an eraiki etxe hau amets, nahi, behar eta eskas baten ondoajea beita. Pilota plaza bazen lehenago San Franciscon euskaldunen inganio, bena hura desegin zen (ai hiri jalea…) eta pilota baratu zen klaskarik gabe. Euskaldun zonbait bildu, ez, bai, xede ertzoa zela, bai, ez, eta fiala bait abiatu, lurra erosi, mahankak altxa eta egin. 2007an xiberotar andana bat hor zen 25. urteen behar bezala ohoratzeko (haietan larraintar txotx erdi bat). Ai ai ai, ametsaren lana…

 

2009an Xiberoa eta San francisco arteko zubiak ikusi du berriz beste ahuntz saldo bat igaraiten: aldi hontan pastoralaren emaitera jinik. Zer? Xiberoko pastorala Ameriketan? Are you silly? (yes). “Euskamerikan Artzain“ pastorala San Franciscoko Euskal etxean eman da, berritan ere. Euskal Herritik keinu bat jin zaiku ber egunean: Roger Idiart (enetako Zalgizeko apeza!) zentu zela mezperan. Düala hogei urte xuxen, 1989an “Nevadarat joan nintzan“, harek idatzi ikusgarria eman züen Kalifornian, Los Banos-en, oker ez banago. Nola den! Eta ordunko aktore- kantari hanitx hor gunüan gurekin (Maite Oçafrain, Johnny Curutchet…). Aurtenkoa pastorala zen, pastoral gazte bat, gazteen pastorala. 15 bat gazte zen emaile, Sohutako lizeoko euskara ikasleak; pastorala 2008an prestatu eta sortu züen, Gotaineko XIRU jeialdian, HEBENTIK elkartearen kultura xede baten barne. Nicole Lougarot errejentsa, eta aitzina be! Bena behiak bazüan bi adar, eta bigerrena zen han eta heben egin duguna, erran nahi beita harreman“xuen xuena“ uken dezen gure gazteek Ameriketako gazteekin. Erranak egin: uztaila hatsarrean Estatu Batuetako gazte saldo bat Xiberoalat jin zen, xiberotar gazteen familietan; bi astez Euskal Herria ikusi, ikasi, gozatu, Santa Grazitik Gernikarat…. Beste urratsa zen guretako San Franciscorat joaitea. Eginak erran. Bi astez hanko familiek hartu gutue, beroki hartu, gastatu ere, eta maite düen euskamerikar herria maitarazi: Yosemite-ko mendi oihan izigarriak, Golden Gate-ko zubia, Angel Island, Alcatraz eta San Franciscoko hiria erran gabea, bere udako lanoarekin. Orai gibelerako hegazkinean gira, han bizitu gune eta une guziez esnaur.“Hantik itzultzekotan maitea bost miliunen jabe“. Sakolan ez bena gogoan bai. 17-18 urtetan lehenekoek egin urratsetan ebiltea, bataren aitañia, bestearen arra osaba, eta oraikoak ere bai, Argitxu Camus Etchecopar iloba han beitut bost urte hontan Renoko unibertsitatean lanean! Hura ere aztalak aidean, Amamaren gisa! Kaliforniako euskal kultura mirail, ilhinti, txinka izan bedi gazte horien (nitan den bezala); eta hala izanen duda gabe.

 

Eta Martxel gurea! Aita Martxel, Father Tillous, Martxel Tillous apeza, ameriketako euskaldunen“artzaina“ . Zubia nola aipa Pottoka aipatu gabe. 15 urtez kurritu da eskuin exker Estatu Batuetako 11 estatutan, Pottoka deitu bere autoan; 11 aldiz hortan lo egin ere, 11 herri, 11 euskaldun ikusi, maitatu, bateiatu, ezkontu, ehortzi ere… Martxoaren 31an aurten pottoka orozbakoz ekuratu da eta artzaina beste alhgietarat aidatu, bere txistua eta xirula hatsik gabe utziz. Bena agorrila hontan San Franciscon haren hatsa eta itzala sendi ziren. Omenaldi eder bezain hunkigarri eskentu deioe, deiogu, argazkiz, bertsoz, sonuz eta dantzaz. Meza euskaraz (!), Laztiri apez euskamerikarrak emanik!

Tillous-en ehortzetan Eskiulan hasia San Franciscoko Euskal etxeko plazan biribiltu da. Hurruntik ziren jinik haren orhitmentsetan, harek eskentu amodio bezainbeste km edo miles eginez.“Aita Martxel“ zuhain ttipia beitzen, bena ttipienak ere bere itzala, eta erroak azkar Euskal Herrian prefosta, Eskiulan, bena besterik hanitx, ezin konta, ezagutu züan jentekal bedera, bihotzeala heltzen zena, heltzen dena. Abidjan, Larraine, Parise, Eskiula, Kalifornia, Nevada, Idaho, Wyoming, Arizona, Utah, Oregon, Montana, New Mexico, Washington, Colorado. Ez da hau parropia besteak bezalakoa! Tillous jaunaren herria beitzen lurra, eta lurrean bizi direnak. San franciscon, haren Euskal Etxeko gela-kanbera-bulego ttipiak orano ere badu seinale hau atean:” Euskal apezaren egoitza”. Han berean ginen gazte xiberotarrekin, han ginatekean bezala bezala hor izan balitz! Gazteak maitatu beitutu bizi orotan, “Uda Lekuan” parte hartuz gogo biziz. NABO batarzuna ez da tronpatu 2008an sortu düalarik “Aita Martxel Tillous Youth Fund”, gazteen laguntzeko fundazioa beren euskal kulturaren bidean. Aupa Martxel, zure garra bekigu hel!

 

NABO: North American Basque Organization

BCC: Basque Cultural Center (S. Francisco)

Horik oro letrak, hizkiak, bena horien gibelean elkarteak, elkartarzuna, batarzuna, eta hanixtarzuna ere, hitz batez erraiteko : pertsonak. Izener izakiek beiteie izana emaiten. Han bezala heben (Nun da“han“, nun“heben“?), astean Ostirale bat, hurrun direnak han, Orhi han eta ni hor…

Orai gibelerako tenorea jinik, ekia eta Kalifornia han, zola hartan utzirik, gau bat llaburñi igaranen American Airlines-ekin ezin iratzar eta ezin lo. Pariseko goiza txestaturen eta Euskal Herria den gure bazterrera helturen, oraiak geroan iraün dakigun esperantxarekin.

Eskerrak abentura hortan sartu, busti, izertu direner, Sohutako lizeoko erakasleer, Han, Hebenko eta Hebentik laguntu gutüener, eta azkenik“Euskamerikan Artzain“ pastoraleko gazteer, aitetamer, ahatze gabe ezin jin baratu zaikun Marlene gazteari.

 

« Lur bazterrean hur

Itsas bazterrean berriz lurra beti lurra

Mundu hunek bazterrik badüa ala gu gira

Delako bazter muga hura……KALIFORNIA »

 

Ziuzun !

2009ko agorrilako azken ondoko egun-gaü gabean

San Francisco – Parise artean nonbait, aidean

 

Irabarneko Aize epailea

 

Mixel Etxekopar

 

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article